XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KANPOSANTUKO AZAK Herritik hurbil zegoen etxea, bide ertzean, ezkerraldetik; bizitza bakarreko etxe zahar handi bat.

Hezotasunak beztutako horma tzarretan letra handiz idatzia hau irakur zitekeen: Despacho de Binos de Blasido.

Nahiz eta esku trebez idatziak izan letrak, nahikoa ez zelakoan edo, zerbait gehiago egin nahi izan zuen, eta atari zabalaren gainean oilar bat pintatu zuen, luma luze eta harro, hatzak gezi batek zeharkatutako bihotz zauritu baten gainean; bazuen irudi honek misteriozko jitea, esan nahi ezkutua.

Etxeko ganbara zabalean, alde bietara ipinitako upel lerroak hestuago bihurtua, pasaizo melar bat besterik ez zuen uzten erdian; denda bat ere bazuen, taberna ez ezen, xokolategi, papertegi eta beste abarren gordeleku.

Atzekaldean mahats aihen baten azpikaldean mahai batzu zeuden; hantxe bildu ohi ginen igande arratsaldeetan inguruetako taberna zaleak, edatera zela, bola jokura zela, eta Venus jainkosari eraspen egin nahi ziotenak beren suharra sasi hezotan itzaltzera.